XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gazteena txapeldun

Aitor Mendiluzek, hogei urteko andoaindar bertsolariak, irabazi zuen Gipuzkoako txapela.

Murua, bosgarren, eta Sorozabal, zazpigarren, finaleko galtzaileak.

Azken honek bi poto segidan egin zituen kartzelako gaian.

Txapelketa hasi aurretik beterano askok aipatzen zuten bere izena.

Finalaurreko bigarren saioan jo zuen aldaba Murua eta Mendizabali 37 puntuko aldea kenduz eta atzo errematatu zuen karrera meteoritikoa beteranoak bazterrean utziz.

Puntuazioak pronostiko gehienak hautsi zituen Irazu bigarren, Loidisaletxe hirugarren, Mendizabal laugarren, Murua bosgarren eta batez ere Jokin Sorozabal zazpigarren postuan utziz.

DONOSTIA

Joxean AGIRRE

Mendiluzek neurri txikiko bertsorik onenaren saria jaso eta plakaren testua irakurtzeko betarik ere ez zuen izan atzo Anoetako polikiroldegian jokatu zen finalaren buruan, aulkian eseri zenerako bere izena aldarrikatu baitzuten txapeldun gisa.

Erregularitatearen saririk eman balute, hura bere-berea izango zen seguru asko, hasiera beretik hartu baitzuen altura, esperientzia handiagoko bertsolariak kili-kolo abiatu ziren bitartean.

Hotz samar abiatu zen finala 8ko handian Sorozabal eta Mendizabal (gurasoak) beren semea soldaduskatik libratzeko egin zuten saioarekin.

Elortza eta Irazuk oso gai polita izan zuten luzitzeko: bere homosexualtasuna gordetzearen aldeko ormaiztegiarra eta ezkutatzearen aldekoa larrauldarra.

Baina ez zuten asmatu.

Elorzak bere lehen potoa egin zuen hirugarren bertsoan, saioan zehar behin eta berriz egingo zuten bekatuan eroriz.

Murua eta Loidisaletxe hartuko zuten txanda euskal izaerari buruzko debate batetik, baina ez zuten gaian sartzen asmatu eta hortxe izan genuen Mendiluzeren adurra eskertzeko lehen aukera: Aitor Olentzeroz jantzita dago denda handi batean eta Zelaia sartzen da erregaloak lapurtzera.

Oso saio txukuna egin zuten.

Zortziko txikian fuerte hasi zen Sorozabal (txerria atarian erretzen ari zen baserritarra) argiak eta sirenak piztuta datorren Irazu suhiltzailearekin egin zuen saioan, baserritarrak suhiltzailea txerri belarri batekin bueltan bidali zuen arte.

Elorzak berriro ere tenple txarrean zegoela erakutsi zuen eskiatzera joateko traste bila Mendizabal (anaia) igande goizeko 5etan esnatzen duenean eta Mendizabalek ere ez zuen mejora handirik erakutsi.

Bergauza esan daiteke ondoren Murua Zelaiarekin (hernaniarra soziedadea garbitzera joan eta gabiriarra aurkitzen du baratzuri-zopa egiten) egin zuen saioaz.

Berriro ere Aitor Mendiluzek eman zuen nota Loidisaletxerekin egin zuen saioan (maitasun mezuarekin Aitor bidali eta Loidisaletxeri neska konkistatzen dionean).

Karta eta mezularia

Puntua eta oina emanda neurtu zituzten ondoren beren abildadeak eta Loidisaletxeren doinua izan zen saioko nota komentagarriena eta, berriro ere, Mendiluzek puntuari erantzuten erakutsi zuen abiada eta dotoretasuna, eta hitza emanda erabili zuen 10eko txikiko doinu ederra.

Haizak hi, motel, mañontzi! doinuarekin binaka aritu ziren ondoren eta Irazu eta Mendizabalen saioa izan zen ederrena, aita-amak Himalaian hil den semea ekarri edo bertan utzi diskutitzen, baita Murua eta Mendiluzerena ere (Iñaki kanpoan lan egiten duen ama da eta nahiago du haur txikia haurtzandegira bidali amarekin hazi baino).

Nere haurrarentzat ez nituzke nahi amaren maniak esan zuen Iñakik lehen bertsoan eta ume mukizu eta mimatu baten ama ez dut izan nahi hirugarrenean.

Polita baita ere Loidisaletxek eta Zelaiak (karreratako zaldia eta erostera datorren dama aberatsa) egin zuten saioa.

Lehen ariketa horien buruan garbi zegoen Mendiluze zihoala aurretik eta oro har gazteak zeudela fuerteen.

Izarrei begira

Kartzelako gaiarekin Sorozabali tokatu zitzaion lehen txanda.

Gaia eman zioten: Urtebete daramazu espaziuntzi batean eta zoriontsu zara, baina lurrera itzultzeko agindu dizute.

Bertsoak ez ziren patal horietakoak, baina jaialdi eta saioetan hain poto gutxi egingo zituen bertsolariak bi egin zituen segidan.

Bigarren bertsoa Esan zidaten eta neuk ere abiatzeko gogoa hasi zuen eta bosgarren puntuan berriro baina aspaldi galdua nuen behera joateko gogoa errepikatu zuen.

Hirugarrenari ekin zion eta laugarren puntua hemen bakea nagusi esan zuen eta seigarrenean berriro oin bera erabili zuen esaten dute gizartea da zorionaren nagusi.

Mendizabalen txanda etorri zen eta honek igo zuen listoia gora.

Hiru bertsoak borobilak atera zitzaizkion.

Irazu poliki aritu zen, ariketa honetako bigarrena izan zen beharbada, bigarrengo bertsoa batez ere oso polita atera zitzaion.

Muruak ihes egin zion gaiari bigarrenean eta ez zuen asmatu bere aurreko biek hainbat etekin ateratzen eta horrenbestez bukatu zen finala, gainerantzekoek ez baitzuten beste munduko gauzarik erakutsi.

Destakatzekotan kartzelako gaian azken puntua emanda Mendizabalek egin zuen bertsoa destaka daiteke.